Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) 60 inbertsiogile baino gehiagoko sare bat osatu du eta start-upetan inbertitzeko 20 eragiketa baino gehiago ixtea ahalbidetu du, guztira 6 milioi euroko finantzaketa bolumenarekin. Osasun, industria, teknologia, 4.0 industria eta abarretako proiektuak dira eta ehun enplegu inguru sortu dituzte. Crecer+en etorkizuneko erronka da EAEko ekosistema ekintzaileko beste eragile batzuekin lankidetza indartzen jarraitzea, enpresa proiektu berrien sorrerari eta sendotzeari laguntzeko.

Bost urteko ibilbidean, Crecer+ erreferentziazko eragileetako bat bihurtu da EAEko ekintzailetzan, inbertsiogileen eta ekintzaileen topaguneak sortzea ahalbidetu baitu. Gaur egun, 60 inbertsiogile baino gehiagok osatzen dute Crecer+ sarea. Horietako gehienak ‘Business angels’ak dira, baina ‘Family office’ak, enpresa txiki eta ertainak, enpresa handiak, funtsak eta banka ere tartean dira. Crecer+ek lankidetza hitzarmenak ditu EAEko ekosistema ekintzailea osatzen duten erakunde nagusiekin: Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (BIC), unibertsitateak, patronalak, azeleragailuak… Hori guztia, enpresa proiektu berriak sortzeko eta sendotzeko finantzaketa errazteko helburuarekin.

Urtero-urtero, Crecer+ek hiru inbertsio foro antolatzen ditu, otsailean, ekainean eta urrian. Horietan, inbertsiogileen interesekoak izan daitezkeen bost proiektu aurkezten ditu. Horretarako, aldez aurretik askotariko ekimenak aztertzen ditu eta haien diagnostikoa egiten. Hala, foroan ekimen erakargarrienak eskaintzen ditu, merkatuko aukerei, negozio ereduari edo ekarpen berritzaileari begiratuta. Topaketa horietatik abiatuta, proiektuen inguruan inbertsiogileek erakusten duten interesaren arabera, Crecer+ek jarraipen lanak egiten ditu, inbertsioa gauzatzen denean, prozesua ixten den arte.

Crecer+ sektore askotako sarea bada ere, industria proiektuek sortzen dute interesik handiena inbertsiogileen artean, “baina azkenaldian gizarte eragineko proiektuen inguruko gero eta interes handiagoa ari gara ikusten”, azaltzen du Nagore Ardanza Crecer+eko koordinatzaileak. Nagoreren iritziz, “hiru faktorek eragiten dute proiektu jakin batean inbertitzea: talde eragile orekatu eta gaitu bat izatea; proiektua eskalagarria izatea, inbertsioari errentagarritasuna atera ahal izateko; eta merkatuan berrikuntza eskaintzeko gaitasuna”. Gainera, Crecer+ inbertsiogile sarearen ezaugarriei esker, proiektuak elkarrekin finantzatzeko eragiketak ere eraman daitezke aurrera.

Crecer+era iristen diren start-upak hasierako garapen faseetan daude, baina negozio eredua garatua dute jada. Inbertsiogile askok, bereziki ‘Business angels’ek edo banakako inbertsiogileek –gehienak enpresetako jabeak edo zuzendariak dira, ekintzailetzaren kezka dutenak– finantzaketaz gainera, proiektuari bere esperientzia, jakiteak, merkaturako sarbideak eskaini nahi izaten dizkiote, besteak beste. Bestalde, Crecer+ inbertsiogileen sarean dauden enpresek beren prozesuetan berrikuntza mekanismoak, dibertsifikazioa edo negozio eredu berriak emango dizkieten proiektuak bilatzen dituzte.

Crecer+eko etorkizuneko erronkei dagokienez, Nagore Ardanzak azpimarratzen du “start-upen eta EAEko enpresen arteko topaguneak sortzea, finantzaketa eragiketak ixteko helburuarekin, kapitalean parte hartuz edo kontratuak eginez, ekintzaileek enpresentzako proiektuak eta zerbitzuak garatzeko aukera izan dezaten”.