“Horietako asko industria sektoretik datoz eta ukigarriak gustatzen zaizkie; horregatik, ekonomia digitalarekin lotura duten proiektuak, 4.0 ekonomiakoak, lehenesten dituzte, baliagarritasun argia ikusten baitiete; baita bio proiektuak ere, gizarte alderdiari begiratuta”, adierazi du Nagore Ardanza Crecer+eko koordinatzaileak, goizean prentsarekin izan duen gosarian, joan den ostegunean plataformaren XX. foroa izan zela aprobetxatuta.

2011z geroztik egin diren foroetan, guztira 96 proiektu aurkeztu dira eta 20 eragiketa baino gehiago itxi dira, sei milioi eurotik gorako inbertsioa ahalbidetuz. Crecer+ plataformak urtean 200 proiektu ekintzaile baino gehiago jasotzen ditu eta horietako 15 ingururekin lan egiten du, 60 inbertsiogilek baino gehiagok osatzen duten sarearen aurrean aurkezteko.

“Oro har, finantzaketa lortzeko orduan garrantzitsua da proiektua ongi planteatuta egotea. Gure inbertsiogileak errazago sartzen dira proiektu batean, merkatutik hurbil dagoela ikusten badute eta dirutan duen balioa argia bada”, dio Ardanzak. Ildo horretatik, plataformak proiektu ekintzaileekin lan egiten du, forora aurkeztu aurretik, proiektua inbertsiogileei modu erakargarrian aurkezten eta haien zalantzei erantzuten jakin dezaten. “Bi alderdiek hizkuntza bera erabiltzea nahi dugu”.

Plataformak askotariko inbertsiogileak ditu: business angelsak, familia ondareak, ekintzailetzan berritzeko bidea bilatzen duten enpresa txikiak, bankuak, arrisku kapitala, Elkargi… Gainera, heldutasun handiagoko beste sare batzuekin lan egiten du, esate baterako, ESADEBANekin. “Normalean, inbertsiogileak, finantzaketa eskaintzeaz gainera, proiektuan inplikatzen dira eta jakiteak eta harremanak bideratzen dituzte, ekimen ekintzailearen prozesuak bizkortzeko”.

Sarean duten portaerari dagokionez, Ardanzaren arabera, “banakako inbertsiogileek hiru edo lau proiektutan inbertitzen dute, denbora tarte jakin batean, eta gero gelditu egiten dira”. Hala, Crecer+ plataformaren kezka nagusietako bat da inbertsiogile berriak erakartzea, hazteko potentzial handiko proiektu horietan parte hartzeko eta finantzaketa eskaintzeko. Hala, negozioaren helburuak betetzen laguntzen diete.

Horretarako, plataforman bertan, 2015az geroztik hainbat akordio lortu dira, inbertsiogile berriak erakartzeko. Helburu hori aurrean izanik, “plataformaren azken foroak enpresa elkarteekin eta Euskadiko Ganberekin elkarlanean antolatu ditugu eta datorren abenduaren 14an Bilboko Burtsa izango dugu bidelagun”. Nolanahi ere, dio Nagore Ardanzak, “erronka handi bat dugu aurrean: kapitala duen edonork proiektu hauetan inbertitu dezakeela jakinaraztea, zenbatekoa edozein izanik ere”.

Ekintzailetzako ekosistema bizi bat sortuta, etekinak lortu nahi dira, hainbat alderditan: ekintzailetza, inbertsioa eta lehiakortasuna, eta lurraldearen gizarte ongizatea.