Inbertsio pribatua % 8,2 handitu da Europan azken bi urteetan, 2016an guztira 6,7 bilioi euro inbertitu baitziren.

Espainia business angelsen jarduera handieneko bigarren herrialdea da, 66 milioi inbertitu dira ekintzailetza proiektuetan. Hori da EBAN txostenaren ondorioetako bat, Crecer+ plataformak antolatutako Zilarrezko Ekonomiari buruzko Inbertsio Foroan aurkeztu dena, business angels-ek Europan duten garrantzia azaltzeko.

Saioa Bilboko Burtsan izan zen, joan den abenduaren 14an. Bertan, Lourdes Moreno Crecer+ plataformako koordinatzaile ohiak datu horiek eman zituen, “Startupetan inbertitzeko gakoak.  Zergatik gorde gure ondarearen zati bat startupetan inbertitzeko” hitzaldian. Morenok azpimarratu zuen Europako joera nagusia dela proiektuetan beste inbertsiogile batzuekin batera inbertitzea. Hala ere, asko ugaritu dira business anglesen eta inbertsio funtsen arteko inbertsioak, hazi kapitalean.

Aurkezpenean nabarmendu zen inbertsiogileek gero eta gehiago hartzen dutela parte Crecer+-en antzeko plataformetan, inbertsiogileen eta hazteko potentzial handiko ekintzaileen arteko topaguneak ahalbidetzen baitituzte.

XXI. inbertsio foroak hogeita hamar inbertsiogile inguru elkartu zituen eta 50 urtetik gorako kontsumitzaileentzako produktuak (zilarrezko ekonomia) eskaintzen dituzten izaera sozialeko bi proiektu ekintzaile aurkeztu ziren bertan. Gainera, azken arrakasta kasuaren berri ere eman zen. Fractalmed proiektua da, esklerosi anizkoitza aurretiaz antzemateko eta haren jarraipena egiteko entseguak egiten dituena. Crecer+-ek garrantzi handia izan du proiektu horretan, inbertsiogileen, ekintzaileen eta erakundeen arteko harremanak ahalbidetu baititu. Hala, lan  horri esker, enpresaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzea lortu da, Biocrucesen bidez entsegu klinikoak egiteko.