Cebek (Bizkaiko Enpresa Konfederazioak) Orkestrarekin lan egin du Crecer+ plataformaren XXII. foroa antolatzeko lanean. Hain zuzen ere, foroa atzo izan zen, Bilbon. Edizio honetan, 60 inbertsiogilek baino gehiagok hartu zuten parte eta hazteko potentzial handiko bost proiektu ekintzaile aurkeztu ziren.

Topaketan parte hartu zuten Marta Martinez CEBEK emprendeko arduradunak, Oscar Ugarte Seed Capital Bizkaiako gerenteak eta Ibon Gil de San Vicente Orkestrako zuzendariordeak. Hirurek azpimarratu zuten ezinbestekoa dela inbertsio kultura sustatzea, enpresa ekimen berriak sustatzeko eta garatzeko funtsezko alderdia baita.

Ildo horretatik, Ibon Gil de San Vicentek adierazi zuen “garrantzitsua dela bankaren osagarri izango diren finantza tresnak ehuntzen eta garatzen joatea, gure ekonomia eta enpresa ehunaren beharrei erantzuteko“.

Hala, garrantzi handikotzat hartu zuen inbertsiogileek lurraldeko lehiakortasun ekosistemari egiten dioten ekarpena. Ildo beretik, Seed Capital Bizkaiaren Crowdfunding Bizkaia ekimen berria eskertu zuen, aurrerapauso bat baita lehenengo urratsak egiten ari diren enpresentzat.

Crecer+ EAEko ekintzailetza ekosistema bultzatzeko sortu zen eta 2017an bost eragiketa itxi zituen, guztira ia milioi bat euro ingurukoak.

Nagore Ardanzak koordinatutako proiektuak, finantzaketa eskaintzeaz gainera, sareak eta bezeroengana iristeko ikuspegi berriak ere ematen ditu.