Hitzordua datorren otsailaren 20an izango da, 18:00etan, Deusto Business Schoolen egoitzan (Castelló 76, 28006 Madril).

Orkestraren Crecer + plataformak (Deusto Fundazioa) hazteko potentzial handiko proiektuak dituzten ekintzaileen interesak eta inbertsiogileenak batzen ditu eta lehenengoz egingo da Madrilen. Zehazki, sei proiektu ekintzaile aurkeztuko ditu, Deusto Business Schoolen eskutik.

Crecer+ plataformaren aurreko foro batzuetan aurkeztu diren enpresa ekimenak dira. Lehenengo errondetan Innoguneko (Deustuko Unibertsitatearen enpresa inkugabailua Donostian) eta DBS Madrilgo azelerazio programetako finantzaketa eskuratu ondoren, foro honetan aurkeztuko dira. Helburua: Proiektuek aurrera egitea, inbertsioa eskuratuz.

Inbertsiogileek, business angelsek eta family officeek lehenengo eskutik ezagutuko dituzte proiektuen xehetasun guztiak, hilaren 20ko saioan. Gainera, ekintzaileekin egoteko aukera ere izango dute.

Startup hauek hartuko dute parte foroan:

  • Icnodent: Errealitate areagotuko gailuak, entretenimendu eta hezkuntza edukiak eskainiz, ebakuntza odontologikoetako pazienteen estresa gutxitzen eta esperientzia hobetzen laguntzen dutenak.
  • Blackbinder:  Partitura digitalekin lan egiteko soluzioa. Europar Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan patentatutako scrolleko algoritmo automatiko iraultzaile bat erabiltzen du, irismen globalekoa. Lehenengo urratsetan, metalezko haize instrumentuekin erabiliko da.
  • TEDCAS: Kontrol plataforma integrala, ekipoekin komunikazio naturala ahalbidetzen duena, ahotsa eta keinuak erabiliz. Gainera, erabileraren datuak, denborak eta abar biltzen ditu eta txosten automatikoak prestatzen, gero adimen artifizialeko tresnen bidez aztertzeko. TEDCAS dagoeneko instalatu da 9 herrialdetako ospitaleetan eta automobilgintza eta aeronautikako sektorean, eta aurrezki nabarmenak ekarri ditu.
  • HomyHub: Gauzen Internetari lotutako soluzioak, garajeetako sarbideak kontrolatzeko aukera ematen dutenak, telefono mugikorraz baliatuz. Horrela, garajea erabil daiteke paketeak entregatzeko nahiz eta jabea bertan ez egon. Gainera, espazioa hirugarrenei alokatzea edo erabiltzea errazten du.
  • Virtual DuckEye: Errealitate birtualeko jokoen garapena, begi alferraren gaixotasunari aurre egiteko, ariketa dikoptikoak modu errazagoan eta atseginagoan egitea ahalbidetzen baitu.
  • Zaratrust: Posta elektronikoko komunikazio guztiak babesten ditu, bai bidalketa automatikoak eta bai pertsonen arteko komunikazioak, modu argian eta interpretazio zalantzarik gabe. % 100 bateragarria da eta azpiegitura korporatiboetan ez du aldaketarik behar. Eraso bektorearen aurrean babesten du. Hain zuzen ere, bektore horrek eragiten ditu zibereraso guztien % 91. Hortaz, erakundeak eta erakundeetako pertsonak ziberarrisku handienaren aurrean babesten ditu.

Etortzekoa bazara, nahitaezkoa da jakinaraztea. Etortzeko interesik baduzu, bidali mezu bat helbide honetara: bacrecermas@orkestra.deusto.es