“Inbertsio kultura hobetu egin da, sentsibilitatea handiagoa da orain, baina oraindik bide luzea dugu egiteko”, dio Nagore Ardanzak, Crecer+ plataformaren arduradunak. Plataforma sortu zenetik, 2010ean, bilakatzen joan da eta bere sare eredua egokitu du, ingurune ekintzailearen finantzaketa osoa barne hartzen duen tresna bihurtu arte.

Bederatzi urte hauetan, ekintzailetza profesionalizatzen joan da eta Unibertsitateetara ere iritsi da. Hala, orain programa bereziak daude eta haietatik ekintzaile gazteagoak ateratzen dira. “Inbertsiogilearen profila ez da hainbeste aldatu”, dio Nagore Ardanzak, baina aitortzen du profesionalizazioa gero eta handiagoa dela. Crecer+ plataformako arduradunak xehetasun gehiago eman dizkigu ekintzailetza ekosisteman gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketei buruz.

Nola aldatu da ekintzailetza Crecer+ abian jarri zenetik?

Beharbada proiektu mota ez da hainbeste aldatu, baina bilakaera ikusi da profesionalizazioan. Ekintzaileek gehiago dakite finantzaketari buruz, badakite nola eraiki finantzaketa errondak,ezagutzen dituzte ekosisteman dauden eragileak… Azken batean, ingurunea bera ere heltzen joan da urte hauetan.

Eta inbertsioari dagokionez, bilakaerarik izan al da?

Bai, inbertsiogileetan ere gero eta egitura profesionalizatuagoak ari dira sortzen. Erakunde publikoak ahalegin handia ari dira egiten inbertsioa ekintzailetzara erakartzeko eta ekintzaileak profesionalizatzeko. Bestalde, inbertsio funts profesionalak sortzeak inbertsiogilearen profesionalizazio prozesua abiaraztea ekarri du. Erakunde publikoak nazioarteko azeleratzaileak ekartzen ari dira eta horrek ere laguntzen du ekosistema profesionalizatzen. Baina oraindik ere bide asko dago egiteko startupen finantzaketari erantzungo dion finantza sektore bat eraikitzeko eta beste lurralde batzuetako startupak Euskadira ekartzeko.

Nola bizi duzue bilakaera hori Crecer+ plataforman?

Inbertsioa profesionalizatzeak ekarri du, esate baterako, gure inbertsiogileetako batzuek ekintzailetzan inbertitzeko beste modu batzuk aukeratzea, beren beharretarako egokiagoak, eta gure sarean inbertitzeari uztea. Bestalde, business angels batzuek ondare mugatua dute inbertsioak egiteko eta eragiketa batean, bitan edo hirutan inbertitu ondoren, standby egoeran gelditzen dira, beren inbertsioekin zer gertatzen den ikusi arte. Horregatik, etengabe ibili behar gara sarerako inbertsiogile berriak bilatzen. Egoera horrek Crecer+ plataforma bilakaera ekarri du eta orain, inbertsio sare bat baino gehiago, ekintzailetza ingurunearen finantzaketa osoa hartzen duen tresna bat da.

Ingurunearen finantzaketa osoa hartzen duen tresna bat. Nola lortzen da hori?

Azken lau urteetan ikusi dugu startupei laguntza eskaintzeko gero eta azeleratzaile gehiago, beste funts batzuk eta baliabide berriak sortu direla. Ildo horretatik, topagune bat bihurtu gara, startuparen finantzaketa Crecer+ plataformaren inguruan garatu dadinAliantzak egin ditugu sare osoarekin eta inbertsioarentzat proiektu ekintzaileen aukera eremu bat sortzen joan gara. Aldi berean, pertsonengan ekintzailetzaren inguruko kontzientzia sortzen joan gara eta erakutsi nahi izan dugu ekintzailetzan inbertitzea jarduera ekonomikoa eta lurralde garapena sortzeko positiboa dela.

Nolako emaitzak lortu ditugu?

Egia esan, lantzen ari garen aliantzak oso positiboak dira eta, gainera, estrategikoak. Esate baterako, Crecer+ plataformaren azken foroa CEBEKekin lankidetzan antolatu dugu, hirugarren urtez jarraian. Lankidetza hori sendotzen ari da. CEBEKek oso parte hartze aktiboa du bere bazkideen artean inbertsiogile izan daitezkeen profil berriak bilatzeko orduan. Ekainean edo uztailean egingo dugu hurrengo foroa, Mondragon Korporazioarekin lankidetzan. Lankidetza hori ere ez da berria, eta erakusten digu korporazio handiek badutela interesa startupekin egoteko eta haien proposamenak ezagutzeko.

Sareak eta ekosistema gero eta helduagoak dira; Crecer + ere bilakatzen joan da; baina, zer gertatzen da proiektu ekintzaileekin? gero eta proiektu ekintzaile gehiago daude edo orain dela hamar urteko kopuruetan gaude?

Ekintzailetza proiektuak badira; hala ere, hori sustatzen jarraitu behar dugu. Sarean orain ditugun ekintzaile gehienak 35 urtetik gorakoak dira, dagoeneko bere lan ibilbidea egin dute, lanean ari diren enpresan fase bat bukatu dute, eta merkatuan arazo bat identifikatu eta harentzat soluzio bat bilatu nahi dute. Ekintzaile profil hori garrantzitsua da, baina, aldi berean, gazteak ere animatu behar ditugu diziplina askotako taldeak sortzera, bai diziplinen artean eta bai unibertsitateen artean, proiektu ekintzaileak aurrera eramateko. Unibertsitateak jada hasiak dira ekintzailetza mota hori bultzatzen eta suspertzen; nolanahi ere, ekintzailetzaren kultura hori eraikitzen eta lantzen jarraitu behar dugu.

Nolako ekimenak ari dira bultzatzen Unibertsitatean?

Euskal Autonomia Erkidegoan, hiru unibertsitateak ekintzailetza ereduak garatzen ari dira eta eredu horiek eraikitzen eta ekosistemaren beharretara egokitzen jarraitu behar dute. Adibidez,Deustuko Unibertsitateak Ekintzailetzako Errektoreordetza bat du eta Berrikuntza eta Ekintzailetzako Unitate bat. MEDEA masterra eskaintzen du, egitezko ekintzailetzari buruzkoa.Mondragon Unibertsitateak ahalegin handia egin du Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako graduarekin (Leinn). Euskal Herriko Unibertsitateak master berezi bat sortu du ekintzailetzaren inguruan. Ekimen horiek guztiak garatzen joan behar dira, ekosistema ekintzaileak eta enpresek gero eta profil ekintzaileagoak eskatzen baitituzte beren erakundeetarako.

Ekintzailearen profilari dagokionez, zein desberdintasun dago 35 urtetik gorako ekintzaile baten eta unibertsitateko ekintzaile baten artean?

35 urteko ekintzaileak esperientzia du merkatuan. Lan ibilbide bat du, beretzat ezaguna den esparru batean arazo bat identifikatu du eta arazo horri erantzun nahi dio, ekintzailetza proiektu baten bidez. Profil horrentzat, ekintzailetza lan irteera bat da eta horrek sinesgarritasuna ematen dio inbertsiogilearen aurrean. Hala ere, proiektu mota horiek batzuetan pentsamendu linealean oinarritzen dira eta, horregatik, ez da erraza izaten tamaina handitzen joatea, enpresa jakin batean identifikatu den arazo zehatz bati erantzuten diotelako.

Aitzitik, proiektu ekintzaile gazteagoetan, taldea diziplina askotakoa izan ohi da eta ideia disruptiboagoak izan ohi dituzte. Teknologiaren ikuspegitik, beharbada ez dira garapen hain sofistikatuak, baina negozio eredu apurtzaileagoak izan ohi dira. Baina proiektua 24-26 urte arteko gazteek egiten badute, inbertsiogileek konfiantza gutxiago izaten dute, arrisku bat ikusten baitute: gazte hori edozein momentutan enpresa handi batera lanera joatea, bere ekimenarekin erabateko konpromisoa ez badu, behintzat.

Nolanahi ere, ekintzailetza ekosistemak bi ekintzailetza motak eduki behar ditu, hau da, out of box pentsatzen duen jende gaztea, alboko pentsamendua duena, eta jende helduagoa, gaur egungo enpresek dituzten arazoei irtenbide bat bilatzeko lan egiten duena.

Esan dugu 35 urte inguruko ekintzaileak sinesgarritasun handiagoa duela inbertsiogilearen aurrean. Inbertitzeko orduan, nolako portaera du inbertsiogileak?

Sareko business angel inbertsiogilearen profila kontserbadoreagoa da, baina zenbat eta gehiago profesionalizatu, konturatuko da bere zorroa dibertsifikatu egin behar duela. Testuinguru horretan, egokiena da bi ekintzailetza motetan inbertitzea eta inbertsio irizpide batzuk edukitzea, hamar proiektu ingurutan inbertitzeko eta inbertsio horiek ongi planifikatzeko.

Lehen aipatu dugu gazteak ekitera animatzeko programak ere badirela. Inbertitzera animatzeko programarik ba al da?

Inbertsioak egiteko ondarea behar duzu eta, normalean, inbertitzen duenak profil helduagoa izan ohi du eta enpresa bateko zuzendaria da edo izan da. Ez dago programarik inbertsiogileak sortzeko, baina gero eta prestakuntza gehiago eskaintzen da esparru horretan. Inbertsiogileen sareak espazio oso egokiak dira mundu honetara hurbiltzen hasi diren pertsonentzat.Gainera, Bizkaian Crowdfunding Bizkaia plataforma sortu dute: bide egokia izan daiteke ondare mugatuagoa duten gazteak proiektu ekintzaileetan inbertitzen hasteko, hasiera-hasierako faseetan eta ticket oso txikiekin. Hala ere, uste dut unibertsitateek pentsatu beharko luketela zer egin dezaketen ekiten ikasteko espazioak sortzeaz gainera, inbertitzen ikasteko espazioak ere sortzeko, ekintzailetza eta inbertsioa txanpon beraren bi aldeak baitira, kasu askotan.